XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oilaskoako bizilekuak

(1050 m) - Eiheralarre.

Hamabost lur-meta edo bizileku badira IE-HMrako ardatz batean, artzain-bidearen bazterrean sailean lerrokatuak, bizkarregi honetan gaindi doan bide hau bide nagusian sartu aitzin, Arnoztegiko lepoa baino doi bat lehenago.

Bizileku horiek 8 eta 17 metro arteko izaria dute.

Arnoztegiko tumuluak

(1236 m) - Eiheralarre.

Arnoztegiko lepoan, 1970ean oraino, hiru tumulu ikus zitekeen, aspaldiko iraganbidearen bi aldeetan (130. eta 131. argazkiak).

Haietarik batak, lepoaren erdikoak, 10 m diametro neurtzen zuen eta hamar bat harri zeukan bere inguruan.

Leku horretan aparkalekua egin zelarik, ia osoki arrasatua izan zen (132. argazkia).

Beste biak beti ikus daitezke, hamabost metro hegoalderago, Nafarroako lurretan, 205. mugarritik hurbil.

Leku hori ez dezakegu utz, irakurlea Urkulu Dorrera (1419 m.) igotzera gomitatu gabe.

Hau ere Nafarroako lurretan dago, lepoaren gain aldean, Ekialdetik (133, 134. eta 135. argazkiak).

Kareharriz eraikia da eta enbor itxuran egina.

Kanpo aldetik koroa bat dauka egina, denak junta bizian elkartuak.

Barne aldea aldiz harri pikatuen porroskeriaz betea da.

Bere oinean, 20 bat metroko diametroa dauka eta orain 4 m gora da ia, hasieran 4,50 metro zituzkeelarik.

J.L. Tobie-ren arabera, pentsa daiteke, harri zaborreriazko teilatu batez estalia zitekeela, berau soroz estalia eta tontorrean trofeoa bera zegokeela, zutoin baten itxuran, etsaiari hartutako armekin.

Artzain batek auzoko satorzulo batean aurkitutako brontzezko lantza batek ospa dezake Akitaniako konkistaren bururapena, Kristo aitzineko azken mendearen bukaera aldera. (J.L. Tobie).

Ikusi dugun bezala, konkista horretarako baliatu zen artzain-bidearen gaineko aldean Dorre hori tokitzeak egitate arras logikoa dirudi.

Biziki gomendatzen dugu bide hori zenbait ehun metrotan hegoaldera jarraitzea, Soroluzeko leporaino, non ere baitaude trikuharri bat (137. argazkia), bi tumulu-harrespil, eta lau harrespil, bide horrek duen antzinatasunaren lekuko gisa.

Haraindiago joanez, Minako lepoan gaindi, bertan hiru harrespil ageri dira.

Azpegiko borden parean beste bide bat elkartzen zaio, Organbideko (edo Iropileko) lepotik datorrena.

Alakeku aldatzeko bide bat da, gero Hegoalde betera, Orbaizetara eta Iruñera buruz doana.